Badator Gustoko azoka Bilbao Exhibition Centrera: martxoaren 2tik 4ra, 300 ekoizle baino gehiago

Badator kalitatea, badator jatorria

Martxoaren 2an, 3an eta 4an, Gustoko azoka izango da Bilbao Exhibition Centren: nekazaritza-munduan oinarrituriko elikadura- eta gastronomia-produktuen azoka. Ardatz eta ezaugarri argiak ditu: kalitatezko produktuak, ezberdinak, modu iraunkorrean egindakoak, bertakoak eta ohiko banaketa-kanaletan aurkitzen ez direnak. 300 ekoizle baino gehiago izango dira edizio honetan, eta horrek hazkunde kualitatiboa eta kuantitatiboa erakusten du, aurreneko edizioari dagokionez, 2016an egina.

Bertako eta kalitatezko produktuen erreferentea izaki, azokaren antolaketa berritzaileak kalexkaz josiriko herri bilakatuko du BECeko 2. pabiloia: kultur etxea izango da herriko plazan, hezkuntza-gunea, haur-eskola, txosna, show cooking eta piknik guneak.

Gustokon, ekoizleek, enpresa txikiek eta itsasoko zein mendiko elikagaiekin lotura duten erakundeek hartuko dute parte, eta azken kontsumitzailea du hartzaile, baita publiko profesionala, ostalaritzakoa, banatzaileak, denda txiki espezializatuak eta azalera handiko dendak ere, Bilbo Handitik, EAErik eta inguruetatik eta gainerako autonomia-erkidegoetatik etorriak.

Ildo horretan, aurreko edizioarekiko berritasun gisa, azokak publiko profesionalarentzat  baino ez ditu irekiko ateak martxoaren 2an, goizeko 10:00etatik 14:00etara. Gustokok iraungo duen hiru egunetan, jarduera-egitarau zabalaz gozatu ahal izango dute bertaratzen diren profesionalek: B2B elkarrizketak eta bilerak, dastaketa-gunea eta Bilbao Ostalaritza Goi Eskolak gidatutako show cooking-a, besteak beste.

Aipatu profil profesionalez gain, bisitari guztiek gozatu ahal izango dute topaketa ezberdin batez: 0 km-aren aldeko benetako kultur proiektua, produktuak eta ekoizleak lurralde batekin eta gizarte batekin lotu nahi dituena.

Horretarako, aurkeztuko diren produktuak erosteaz eta dastatzeaz gain, Gustokora etortzen diren bisitariek hainbat jardueratan parte hartu ahal izango dute, eta horiexetan partekatu ahal izango dute elikadura- eta gastronomia-sektoreko ildo honekiko grina.

Azokako jardueren artean, nabarmentzekoak dira dastaketak, Euskal Herriko artisautza tradizionalaren erakustaldiak, bideo-emanaldiak, arloen araberako hitzaldiak, folklore tradizionalarekin lotutako taldeen kalejirak, Show Cooking, produktuen aurkezpenak eta EAEko kalitate-ziurtagiria duten edariak eta pintxoak erosteko txosna. Gainera, Hezkuntza-gunea ere izango da, non 6 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoei begirako elikadura-programa eskainiko den, baita Haur Eskola ere, urtebete eta 6 urte bitarteko haurrentzako jarduerekin. Topaketan, lurraldeko turismoari eskainitako gunea ere izango da, gastronomiarekin eta elikadurarekin lotutako eskaintza, baita landetxeen eskaintza ere, erakusteko.

Azokak hainbat laguntzaile ditu: Eusko Jaurlaritza, HAZI, Bizkaiko Foru Aldundia, Bizkaiko Landa Garapeneko Elkarteak, Mendineta eta Bilboko Udala, Bilbao Ekintza, Bizkaiko Ostalaritza Elkartea eta Bilbao Ostalaritza Goi Eskola.

Sarreraren prezioa 2 eurokoa da, eta 13 urtetik beherakoak (horiek barne) doan sartu ahal izango dira. Profesionalen sarrera doakoa da, izaera hori egiaztatzen badute, eta lagunentzako bi gonbidapen emango zaizkie opari.

Bisita-ordutegia:

Ostirala: 10:00etatik 14:00etara, profesionalak baino ez. 14:00etatik 21:00etara, azken publikoaren sarrera ere bai.

Larunbata: 11:00etatik 21:00etara

Igandea: 11:00etatik 19:00etara

2018-01-25T10:40:30+02:00