15.000 pertsona inguru gozatu dute Gustokoren esperientzia gastronomiko berdingabeaz

Bilbao Exhibition Centreren 3. pabiloia kalitatezko eta zero kilometroko produktuen merkatu handi bat bilakatu da hiru egunez, martxoaren 1etik 3ra, Gustoko azokaren bosgarren edizioarekin. Bi urtez behin egiten den azoka honek 220 enpresa erakusketari bildu ditu eta haien produktu-sorta zabala erakutsi ahal izan diete merkatu handi honen kaleetan barrena igaro diren 14.942 pertsonei.

Bilboko Udaleko Garapen Ekonomikorako, Merkataritzarako eta Enplegurako Zinegotziak, Xabier Ochandianok, inauguratu zuen azoka. Horrekin, hasiera eman zitzaion nekazaritza-munduan inspiratutako gastronomiara eta elikadurara bideratutako asteburuari. Kalitatea eta jatorria gisako kontzeptuak 0 kilometroarekin, ekoizpen jasangarriarekin, landa-eremuarekin edo elikagai autoktonoekin uztartuta. Horiek izan dira protagonista nagusiak.

Gustoko azokako enpresa erakusketarien dibertsitateak produktuen eskaintza aberastu du. Gainera, aurten, erakusketarako azalera % 20 handiagoa izan da. Atal honetan, nabarmena izan da beste Autonomia Erkidego ia guztietako enpresen presentzia, bereziki, Asturias, Avila, Burgos, Kantabria, Castello, Extremadura, Menorca eta Teruelgo enpresak nabarmendu dira, baina baita Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Errioxa, Cuenca, Soria, Alacant, Bartzelona, Tarragona, Cordoba, Jaen eta Malagakoak ere. Enpresa horiei esker esperientzia gastronomiko oso osatua eskaini ahal izan da, lurralde osoan dagoen sukaldaritzaren aberasgarritasunaren adierazle.

Jardueren atalean, shoccokingak, dastatzeak eta uztartzeak, aurkezpenak eta zozketak izan dira adierazgarrienak. Publiko orokorrarentzat, BMk, Fagor Professionalek eta Thermomixek babestutako Jardueren Aretoa izan da ekitaldiaren gakoetako bat. Areto horretan hainbat jarduerez gozatzeko aukera izan dute parte-hartzaileek, hala nola Bilboko Ostalaritza Eskolak (ESHBI) zuzendutako showcookingez. Sukaldean aritzeko teknika berriak ikasteko eta zapore berdingabeak deskubritzeko aukera izan zuten bisitariek jarduera horietan. Hala, jakin-minik handiena zuten pertsonek txakolinarekin eta Idiazabal gaztarekin osatutako Basque Wine dastatzea egiteko aukera izan zuten Mikel Garaizabalekin; bestalde, Alakranaren hegaluzea prestatzen ikasteko aukera izan zuten, ozpinetako tipula morearekin, Baena jatorri-deiturako oliba-olio birjin estrarekin egindako arrokekin, JR baratxuri beltzarekin egindako kremarekin eta La Calandina oliba beltzezko bizkotxoarekin lagunduta, besteak beste.

Bestalde, Txosna eta Piknik Eremuaren moduko atsedenlekuak elkartzeko guneak izan dira eta lehen mailako Eusko Label produktuez gozatzeko eta standetan erositakoa lasai dastatzeko aukera izan dute bertan parte-hartzaileek. Txikienek, aldiz, jolas-jarduerez gozatzeko aukera izan zuten; besteak beste, Hazik antolatutako haurrentzako antzerkiez edo beUp BEC ludotekaz. Hori guztia askotariko animazioarekin: joaldunak, trikitilariak, Mungiako Udalak antolatutako kalejira edo Basquebeer eszenatokia. Jarduera horiei guztiei esker, jai-giroz eta alaitasunez bete zen pabilioia.

Gustoko publiko orokorrari zein profesionalei bideratutako azoka da. Ostiral goiza profesionalen sektorearentzat soilik izan zen.  Dastatze libre pribatuak egin ziren eta Alderantzizko Misio bat ere izan zen, erakusketarien eta erosleen ordezkarien arteko bilerekin. Hainbat jatorritako ordezkaritzak izan ziren bertan, hala nola Andaluziakoak, Aragoikoak, Kataluniakoak, Euskadikoak, Errioxakoak, Lituaniakoak, Madrilgoak, Nafarroakoak edo Erresuma Batukoak.

Erronka Garbia zigilua jaso du Gustoko azokaren aurtengo edizioak, ingurumenarekiko duen konpromisoagatik. Hala, ziurtagiria lortu ahal izateko, antolakuntzak plan bat aplikatu du, honakoetarako: hondakinak kontatu eta murrizteko, eta horien gaikako-bilketa sustatzeko; modu eraginkorragoan argiztatu eta klimatizatzeko; standetako energia-kontsumoa murrizteko; eta gai horien inguruko sentsibilizazio-mezu orokorrak aktibatzeko, besteak beste. Diseinuan eta antolaketan ingurumen-neurriak integratzen dituzten ekitaldiak aitortzen ditu Ihobe-Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak ematen duen Erronka Garbia ziurtagiriak.

2024ko Gustoko azokak honako hauen laguntza du: Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Ostalaritza Elkartea eta Hazi. 2026an itzuliko da ekitaldi hau Bilbao Exhibition Centrera, seigarren edizioan.

 

DESEMBALAJEK OSATU DU ASTEBURUKO ESKAINTZA

Gustoko azokarekin batera, larunbatean eta igandean Desembalaje azokaren 49. edizioa egin zen Bilbao Exhibition Centren eta 7.930 bisitari izan ziren 1. pabilioian. 126 erakusketarik hartu zuten parte eta doako tailer ugari izan ziren bisitarientzat. Vintage dekorazioaren, enkanteen, antigoaleko objektuen eta bildumen azokak beste urte batez harritu zituen diseinuaren eta historiaren zaleak.

-ek idatzirik|2024-03-05T12:48:00+01:005 de martxoa de 2024|Albisteak|

Iruzkin bat utzi

Go to Top