Bilbao Exhibition Centren, martxoaren 2tik 4ra, GUSTOKO egingo da, nekazaritza-munduan oinarrituriko elikadura- eta gastronomia-produktuen azoka

Bilbao Exhibition Centren, martxoaren 2tik 4ra, GUSTOKO egingo da, nekazaritza-munduan oinarrituriko elikadura- eta gastronomia-produktuen azoka, zeinaren oinarri eta bereizgarri nagusiak diren kalitatezko eta bereizitako produktuen aldeko apustua, horiek modu iraunkorrean eta artisau-eran ekoitziak izatea, eta jatorri autoktonoa edukitzea.

GUSTOKOn, 300 ekoizle baino gehiago bilduko dira, hala nola enpresa ekoizle txikiak eta itsasoko eta lurreko jakiekin loturiko erakundeak, nagusiki Euskadi, Kantabria, Asturias, Gaztela biak (gehienbat Ávila eta Burgos), Extremadura, Katalunia, Errioxa, Murtzia, Madril, Galizia, Andaluzia, Aragoi, Nafarroa eta Valentziakoak.

Azoka eskainita dago azken kontsumitzaileari, publiko profesionalari, ostalaritzari, banatzaileei, denda txiki espezializatuei eta merkataritza-gune handiei, denak ere Bilbo Handikoak, Euskadikoak eta lurralde mugakideetakoak, baita gainerako autonomia-erkidegoetakoak ere.

GUSTOKO 2018 egiteko, BECeko 2. pabiloia kalez beteriko herri bihurtuko da, non, jai-giro betean, ez diren faltako kultur etxea herriko plazan, artisauen erakusketak, hezkuntza-gune bat, txosna, Show Cooking gunea, piknik-guneak eta haurtzaindegia.

Inaugurazio ofiziala martxoaren 2an izan da, 13:00ean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailburu Arantxa Tapiaren eskutik.

BISITARI PROFESIONALEN PROFESIONALEN PROTAGONISMOA AREAGOTZEN DA

Publiko orokorraz gain, GUSTOKOn bisitari profesionalak izango dira. Aurreko edizioari dagokionez berritasun gisa, eta merkataritza-harremanak estutzearren, martxoaren 2ko (ostirala) goizean, 10:00etatik 14:00etara, GUSTOKO bisitari profesionalentzat bakarrik irekiko da. Gainera, merkataritza espezializatuko erosketa-zentraletatik eta merkataritza-gune handi eta banaketa-enpresetatik hautaturiko 35 eroslez osaturiko ordezkaritza batek Alderantzizko Misio batean parte hartuko du, erakusketariekin elkarrizketak eginez, besteak beste.

Enpresa erosle parte-hartzaileak Euskal Herrikoak, Madrilgoak, Bartzelonakoak, Zaragozakoak, Balearretakoak, Nafarroakoak, Leóngoak, Gironakoak eta Kordobakoak izango dira, nagusiki.

Alderantzizko Misioaz harago, azokak iraungo duen hiru egunetan, publiko profesionalak Show Cooking-ak ikusi ahal izango ditu, Bilbao Ostalaritza Goi Eskolak (ESHBI) zuzenduak, eta 149 produktu baino gehiago nork bere kabuz dastatzeko aukera izango du. Dastaketa horiek merkataritza-izaera nabarmena edukiko dute, erosleek produktuak aztertu eta dastatu ahal izango baitituzte erakusketariarekin merkataritza-harremanetan sartu aurretik.

GUSTOKO 2018, BENETAKO KULTUR PROIEKTUA

Aipatu bereizgarri profesionala gorabehera, GUSTOKO azokara bertaratzen diren guztiak benetako kultur proiektu batean murgilduko dira, o km-aren eta produktuak eta ekoizleak lurralde, kultura eta jendarte jakin bati lotzearen aldekoa bera.

Azokako erakusketa-gunean, bisitariek bertan aurkeztuko diren produktuak dastatu eta erosi ahal izango dituzte; gehienak, gainera, ezin dira eskuratu ohiko banaketa-kanaletan. Nabarmenduko dira, besteak beste, olioak, iberikoak, haragiak, osagarriak eta ongailuak, ogiak, arrainak eta itsaskiak, artisau-garagardoak, baratzeko eta baserriko produktuak, ardoak, sagardoa, gaztak, kontserbak, opilak, delicatessen-produktuak, eztia eta likoreak.

Standetako salmentaz gain, GUSTOKO 2018n kultur jardueren egitarau zabala eskainiko da, publiko ororentzat: artisau-produktuen erakusketak eta aurkezpenak (egurraren torneaketa eta taillaketa, forjaketa, eltzegintza, euskal pilotaren eraketa…); kalejirak Folklore tradizionaleko hainbat talderekin, esaterako, Portugaleteko Orfeón Jarrillero delakoarekin; azokan izango diren elkarte gastronomikoen desfilea; kalejira Izenaduba Basoa-ko, Olentzeroren etxeko, pertsonaiekin, trikitilariekin batera; eta BABCOCK Musika Taldearen emanaldia.

Jardueren egitarauaren baitan, halaber, Show Cooking ugari eskainiko dira, ESHBIk zuzenduak, non bertaratuei erakutsiko zaien nola prestatu azokan salduko diren jakiekin osaturiko errezetak; txosna ere izango da, kalitate ziurtatuko pintxoak eta edariak dastatzeko; piknik-gunean, atsedenaldia egin ahal izango da; eta beste hainbat jardueratan, 5 zentzumenei erronka egingo zaie. Era berean, gastronomia eta elikadurarekin loturiko eskaintza turistikoa zein landa-ostatuen eskaintza zabala ezagutzeko parada izango da.

GUSTOKOrako bisita are erakargarriagoa izan dadin familientzat, Hezkuntza-gunea antolatuko da 6 eta 14 urte bitarteko haurrentzat. Bertan, elikadurarekin loturiko egitaraua garatuko da, proposamenez, tailerrez, tamaina handi-handiko jolasez eta puzgarriez osatua. Ekimena are gehiago sendotzeko, azokak Haurtzaindegi bat paratuko du, 6 urtera bitarteko haurrek jarduerez eta jolasez goza dezaten, eta, horrez gain, titia emateko eta atseden hartzeko eremu handia edukiko du.

Azokak ondokoen laguntza dauka: Eusko Jaurlaritza, HAZI, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskadiko Landa Garapenerako Elkarteak, Mendinet, Bilboko Udala, Bilbao Ekintza, Bizkaiko Ostalaritza Elkartea eta Bilbao Ostalaritza Goi Eskola.

Sarrerak 2 euro balioko du, eta 13 urtetik beherakoak (13 urtekoak barne) dohainik sartu ahal izango dira. Txarteldun profesionalak ere doan sartu ahal izango dira, eta lagunentzako bi gonbidapen jasoko dituzte opari.

BISITA ORDUTEGIA

 

Martxoak 2, ostirala 10:00 – 14:00 profesionalak baino ez

14:00 – 21:00 azken publikoa ere bai

Martxoak 3, larunbata 11:00 – 21:00
Martxoak 4, igandea 11:00 – 19:00
-ek idatzirik|2018-05-17T08:48:45+02:005 de martxoa de 2018|Albisteak|

Iruzkin bat utzi

Go to Top