Gustoko azokak nekazaritza-festa handia ospatu du BEC-en

Lehiaketa gastronomikoa, euskal Slow Food komunitateak senidetzeko ospakizuna eta sektoreko sari-banaketa, ekitaldi nabarmenenak

Hiru egunez, Bilbao Exhibition Centre-ko 1. pabiloia elikagai-merkatu handi bihurtu da Gustoko azokaren hirugarren edizioa dela eta. Bi urtean behingo topaketak ekoizleen konfiantza irabazi du (300 baino gehiago bertaratu dira), baita bisitariena ere, 12.000 pertsona inguru ibili baitira azoka honen kaleetatik, nekazaritza-munduaren omenaldi handi bilakatu dena.

Bertako produktu jasangarrien eskaintza zabala egon da, Jatorri-deiturako edo Adierazpen Geografiko Babestuko produktuak barne. Andaluziako olioak, Gaztelako tomateak, Euskal gozokiak, Portugaleko likoreak… Aurten ere, Eusko Label produktuak dituen txosnak arrakasta handia izan du, haurtzaindegi-zerbitzuak eta hezkuntza-guneak izan duten harrera onaren parekoa. Show cooking-eko gunean ia beti egon da eskegita “Beteta” dioen kartela eta kultur-etxean hainbat sukaldaritza-erakusketa eta dibulgaziozko hitzaldi zientifiko interesgarri gauzatu dira. Gustoko-ren inaugurazioa Bittor Oroz-en eskutik izan zen, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea.

Azokaren hirugarren edizio honen ekitaldi nabarmenen artean I. Gustoko Lehiaketa Gastronomikoaren ospakizuna azpimarratu beharra dago, porrusalda bat egitean zetzana. Lehiaketa larunbat goizean izan zen eta 17 kazola aurkeztu zituzten beste hainbat koadrilek hartu zuten parte. Epaimahaiak, Aitor Elizegiren partaidetzarekin, ez zuen lan erraza izan baina, azkenean, lehen saria Laukizetik etorritako taldeari eman zion. Txapelketak Makilaren Kofradia-ren antolakuntza izan zuen. Trofeoak eta sariak eskudirutan egon ziren lehenengo sei sailkatuentzat eta seigarren postutik hamargarrenera trofeoak jaso zituzten.

Bestalde, Slow Food mugimenduak protagonismoa partekatu zuen larunbat goizean: Gustoko bezalako azokaren ospakizuna aprobetxatu zen Slow Food mugimenduko komunitate berriak aurkezteko, hala nola Bilbao Ostalaritza Goi Eskola (ESHBI) eta Bizkaiko Makila Ohiko Euskal Sukaldaritzaren Alde, besteak beste. Slow Food komunitateen proiektua nazioarteko mugimenduaren apustu bat da, ohiko “convivium”-en aurrean. Ekitaldia komunitate hauen eta hiru lurralde historikoak ordezkatzen zituzten Euskal ekoizleen arteko senidetzea ospatzeko ere balio izan zuen.

Horrekin batera, igande goizean Euskal Herriko Medikuntzaren Errege Akademiak emandako sektoreko sari-banaketa gauzatu zen, Makilaren Kofradia, ESHBI eta BECen lankidetzarekin. Kategoria ezberdinetako hamabi sarituen artean hauek nabarmentzen dira: Ibilbide profesionalaren saria Kepa Freirerentzat, Berrikuntzaren saria Gaxen Ortuzarentzat, Ekoizle gaztearen saria Zuriñe Suárezentzat (Askibel gaztandegia) eta Jardunbide egokiekin konprometitutako animalia-ekoizlearen saria Miguel Ángel García Diegorentzat (Laudioko hiltegia). Gustoko 2020ko Sariaren accesita Echebastar enpresa bermeotarrarentzat eta Mungiako Udalarentzat izan zen.

Gustoko-ren laugarren edizioa 2022an ospatuko da Bilbao Exhibition Centre-n.

 DESEMBALAJE ETA CHESS&GAZTE-K OSATU ZUTEN ASTEBURUKO ESKAINTZA

Gustoko ospatzen zen aldi berean, Bilbao Exhibition Centre-k bere egutegiko ohiko beste bi hitzorduei egin die harrera: Desembalaje eta Chess&Gazte.

Antzinako gauzen azokan, 4.000 pertsona inguruk gozatu dute larunbat eta igandean zehar BECeko 2. pabiloian aurkeztu diren vintage objektu (40 urte baino gehiago), antzinako gauza (100 urte baino gehiago), bildumazaletasun- eta enkante-objektu mordoaz. Azoka hau jada ezaguna da bisitarien artean, bi urtez behin ospatzen dena eta aurten bere 41. edizioa izan duena.

Bere aldetik, Chess&Gazte, xakearen festa, BECeko Luxua aretoan instalatu zen igandean lehiaketan parte hartzen zuten 400 gazte inguruei ongietorria emateko. Hauek lau kategoriatan sailkatu ziren: benjaminak, kimuak, haurrak eta kadeteak. Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k egin dute posible Bizkaiko Xake Federakuntzak antolatutako hitzordu hau, 20 ikastetxe baino gehiagoren partaidetza izan duena.

2020-03-13T14:21:26+02:00