Gustoko: 0km-ko eta kalitatezko produktuen merkatu handia

5. edizioa izango du, 200 enpresa erakusketari baino gehiagorekin

Bilbao Exhibition Centren izango da Gustokoren bosgarren edizioa asteburu honetan, martxoaren 1etik 3ra, goi mailako gastronomia maite dutenentzat topagune bihurtuko den ekitaldia. Egun hauetan, BECeko 3. pabiloia kalitatezko produktuen merkatu handi bihurtuko da. Bertan, ekoizpen jasangarriaren, autoktonoaren eta artisauaren onena erakutsiko da, eta gustu zorrotzenak ere gozatuko dituzte. Aurten, Gustokok % 20 inguru handitu du erakusketa-azalera, 220 enpresa erakusketari lekua eginez eta, horri esker, bisitari guztiei esperientzia osoagoa eta askotarikoagoa eskaini ahal izango zaie.

Azoka hainbat eremutan banatuta egongo da. Horietako bat izango da erakusketa-gunea. Bertan, kalitate bereiziko berme-markak (jatorri-deiturak, IGPS…) dituzten ekoizleen gourmet produktuak, Slow Food eta ekologikoak egongo dira, baita artisautzako erakusketa txiki bat ere. Gainera, EuskoLabel kalitate ziurtatuko produktuen txosna bat egongo da, jarduera-areto bat, hainbat piknik eremu standetan erositako produktuak dastatu ahal izateko, atsedenerako eremu bat eta Ludoteka. Azken hori beUp BECek kudeatuko du. Gainera, kalejirekin girotuta egongo da, eta zuzeneko emanaldietarako agertoki bat ere izango da.

Gustoko azoka paregabea da, eta profesionalei zein publiko orokorrari dago zuzenduta. Profesionalentzako, dastatze libre pribatuak eta Alderantzizko Misio bat antolatu dira. Horrek plataforma esklusibo bat eskaintzen du topaketa estrategikoak eta elkarrekintza izateko saltoki handietako erosleen ordezkarien eta erakusketarien, handizkako eta txikizkako banatzaileen, ostalaritzarako enpresa hornitzaileen eta denda espezializatuen artean.

Publiko orokorrari irekitako programazioari dagokionez, showcookingak antolatuko dira, Bilboko Ostalaritza Goi Eskola (ESHBI) buru dutela, eta HAZIk antolatutako dastatze libreak, uztartzeak, aurkezpenak eta produktuen zuzeneko salmenta ere izango dira. Gainera, enpresa batzuek beren showcooking edo dastatze propioak antolatuko dituzte jarduera-aretoan. BMk, Fagor Professionalek eta Thermomixek babestutako jarduerak hemen kontsulta daitezke: https://gustoko.bilbaoexhibitioncentre.com/eu/jardunaldiak/publiko-orokorra/

 

BIDAIA BAT ASKOTARIKO ZAPORE ETA LUR ARTEAN

Gustoko hitzordu oso desiratua da, eta erreferente bat gastronomiaren eta elikaduraren arloan. Zuzeneko salmenta eta produktuen dastaketa oso presente egongo dira bosgarren edizio honetan, eta bidaia paregabea eskainiko du askotariko zapore eta lurretan zehar.

Autonomia-erkidego ia guztietako ekoizleek izango dute standa BECen. Horien artean nabarmentzekoak dira Asturias, Burgos, Kantabria, Castelló, Extremadura, Menorca eta Teruelgo enpresen partaidetza bateratua, eta Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Errioxako, Cuencako, Soriako, Alacanteko, Bartzelonako, Tarragonako, Kordobako, Jaengo, Malagako eta Portugalgo eta Frantziako nazioarteko produktuen presentzia.

Aurten, Gustokok berrikuntza paregabeak dakartza, hala nola boilurra, eta kalitate handiko hainbat produktu: gaztak, tomate bereziak, marmeladak, gozogintzako gaiak, ostrak, olioa, eztia, arrautzak, urdaitegia, txokolatea, taloa, kremak, sobaoak eta gaztak, saldak, kafea, ogi bereziak, hostoreak, txakolina, artisau garagardoa, sagardoa eta ardoa.

Azokaren beste berrikuntza nagusietako bat Eusko Jaurlaritzak ekitaldi jasangarri gisa ematen duen Erronka Garbiaren akreditazioa lortu izana da. Diseinuan ingurumen-neurriak txertatzen dituelako azokak jasangarritasunarekin duen konpromisoa azpimarratzen du aitortza horrek. Era berean, gizarteratzeko proiektuak bultzatzeagatik nabarmentzen da Gustoko; izan ere, bi enpresa erakusketarik gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonak kontratatu dituzte: Itsaslur eta Ekoizan/Vegaizan. Gizarte-erantzukizunaren ikuspegi horrek beste dimentsio bat gehitzen dio azokari eta horrek komunitatean eragin positiboa du.

Gustoko 2024 azokak martxoaren 1ean, ostiralean, irekiko ditu 3. pabiloiko ateak. Goizean sektore profesionalarentzat baino ez da egongo irekita, baina 14:00etatik aurrera publiko orokorra ere sartu ahal izango da. Larunbatean, hilaren 2an, 11:00etatik 21:00etara izango da ordutegia, eta igandean 11:00etatik 19:00etara. Sarrera online eros daiteke esteka honetan: https://gustoko.bilbaoexhibitioncentre.com/eu/bisitaria/txartelak-eta-sarrerak/. 3 euroko kostua izango du, eta doakoa izango da 13 urtez azpikoentzat eta akreditazioa duten profesionalentzat. Gainera, azokaren sarreran doako kontsigna bat jarriko dute, egindako erosketak bertan utzi eta egunaz gozatzen jarraitzeko.

Gustokoren inaugurazio ofiziala ostiralean egingo dute, martxoaren 1ean, 12:00etan. Xabier Otxandiano izango du buru, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu zinegotzia.

Honako hauen laguntza du Gustokok: Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Ostalaritza Elkartea eta Hazi.

-ek idatzirik|2024-02-27T15:21:09+01:0027 de otsaila de 2024|Albisteak|

Iruzkin bat utzi

Go to Top