Gustokok Slow Food-arekin eta ekoizpen ekologikoarekin konprometitutako azokaren antolaketan aurrera egiten du

Aurten, erakusketa espazioa handiagoa izango da, jatorri-deiturei leku gehiago eskaini ahal izateko, eta tokiko eta artisau-produktuak nagusi izango dira BECen egingo den azoka honetan

Data 2020ko martxoaren 6tik 8ra da, baina hirugarren edizioa su motelean prestatzeko txingarrak prest daude dagoeneko. Gustoko-k, bi urtero behin Bilbao Exhibition Centre-k antolatzen duen nekazal munduko elikagaien eta produktu gastronomikoen azokak, inoiz baino konpromiso handiagoa dauka slow food elikadura eta kontsumoarekin; eta baita tokiko artisau-ekoizpen ekologikoarekin ere.

BECeko 1. pabiloia euskal herrixka bat bihurtuko da. Enparantza, kultur-etxea eta auzoak izango ditu. Auzoetan, hain zuzen ere, egongo dira azokan parte hartuko duten taldeak. Horrela, lehenengo aldiz, ekoizpen ekologikoak erreserbatutako espazioa izango du produktu kimikorik gabe ekoiztutako eta gehigarririk gabe prozesatutako elikagaientzat. Slow food mugimendua ere oso garrantzitsua izango da. Besteak beste, Mungiak hartuko du parte, Cittaslow saria jaso duten Euskal Herriko hiru udalerrietako bat. Mungiak sari hau jaso zuen hiritarren bizi-kalitatea hobetzen duten espazioak sortzeagatik. Mungiako ekoizleak Arabako Lurralde Historikoan mugimendu honen hainbat ordezkarirekin batera egongo dira, eta baita Bermeoko antxoa ekoizleekin edo Urduñako Zaporeak bezalako Nekazal Garapeneko elkarteen jaki gozoekin ere.

Gainera, azokak bere erakusketa eremua handitzen jarraitzen du jatorri-deitura duten produktuen ordezkariei lekua eskaini ahal izateko. Txakolina, haragia, olioa eta gazta egongo da kontsumitzaileak hain maite dituen produktu hauen artean.

Gustokoren antolatzaileek hileak daramatzate lanean gastronomiaren munduko azoka osoenetariko bat prestatzen. Horretarako, autonomia-erkidego gehienetako ordezkari instituzionalekin bildu dira. Proposamena BECen haien tokiko produktuak erakustea da, bai ekoizle indibidualen bidez edo bai ekoizle horiek taldeka parte hartuz. Estatuan egiten diren hainbat azokatan egon direla aprobetxatuz, Gaztela-Mantxako, Andaluziako, Extremadurako, Kantabriako, Asturiasko, Galiziako eta Kataluniako ordezkariekin izan dituzte bilerak.

Aldi berean, erakusketarien mailakoa izango den programa prestatzen ari dira. Azokak irauten duen hiru egunetan, hitzaldiak eta konferentziak egongo dira, Gustoko-ra gerturatuko diren profesionalei zuzendutako dastatzeak eskainiko dira eta Bilbao Ostalaritza Goi Eskolak (ESHBI) antolatutako hainbat showcooking egingo dira.

-ek idatzirik|2019-10-23T10:03:37+02:0023 de urria de 2019|Albisteak|

Iruzkin bat utzi

Go to Top